URTZ
Sarrerak DOKAn eta HEMEN salgai. URTZ 1988. urtean sortzen da. Xabier Camarero (kitarra eta ahotsa), Asier Arocena (kitarra) eta Josu Ariztegi (bateria) elkartzen dira lehendabizi, eta Víctor G. Argüelles (baxua) gehitzen zaie hilabete batzuk beranduago. Hainbat hilabetez lanean aritu ostean, Zelatan (1991) izeneko sei abestidun maketa da bere lehen ekarpena. Lan horri izenburua ematen dion abestia Euskadi Gaztea irratiko Top Gaztea zerrendan sartu eta, handik gutxira, lehen postura iristen da jendearen bultzadari geldiezinari esker. Hainbat astez eutsiko dio lehen postu horri. Irratiak maketa formatuan onartzen duen lehen lana da, gainera. Taldea eta zaleen arteko lotura berezi horri esker sortuko dira, Gor disketxe nafarraren eskutik, URTZ taldearen lehendabiziko lau estudio-lanak: Ekaitzaren garrasia (1992), Hautsa astinduz (1994), Hain urrun (1996) eta Lur gazian ametsak ereinez (1998). Handik gutxira, Víctor G. Argüellesek eta Asier Arocenak taldea utziko dute, haien ordez Ritxi De Barrenetxea (baxua) eta Javi Estella (kitarra) sartzen direlarik taldean. Laukote berri horren lanari esker irtengo da merkatura, Oihuka disketxearen eskutik, momentuz taldearen azken estudio-lana dena: Aingeru (2001). Bi urte beranduago, taldeak eskenatokiak uztea erabakitzen du eta bere azken kontzertua Bizkaiako hiriburuko Bilborock aretoan ospatzen da, taldearen ehundaka jarraitzaileen gozamenerako. Kontzertu hori CD+DVD bikoitz batean jasoko dute, Azken eguna zuzenean (2003) izenburupean, eta EDG zigiluak aterako du merkatura. EDG zigilua Sonido XXI estudioen arduradun diren San Martin anaiek gidatzen dute. Ordurako URTZek sekulako harremana du bai estudioarekin, eta baita San Martin anaiekin ere, beraiekin grabatu baitira taldearen azken hiru lanak, zuzenekoa barne. 2013. urteko urriaren 17an hamar urte dira, dagoeneko, URTZen abestiak azkenekoz taula gainean entzun zirela. Taldeak, jatorrizko taldekide guztiak bildurik, lanean dihardu azken hilabeteotan bere estudio-lan berria prestatzen: Astiro (2013). Lan berria Baga-Biga disketxearen eskutik kaleratuko da eta Durangoko azokan aurkeztuko dute urte honen amaieran. Laister edukiko duzue aurrerapen bat, jada Sonido XXI estudioan grabatzen ari baita.